lunes, 15 de marzo de 2010

Bi bertsio


Oraindik goiz zen iritsi nintzenean, badakizu ni beti bost minutu lehenago heltzen naizela. Jatetxean bizpahiru bikote gehiago zeuden, arropa dotoreekin jantziak. Toki garestiegia zen, baina egun horrek merezi zuen. Dudarik gabe afari ahaztezina izango zen.

Denborak aurrera egiten zuen, eta nire koktelaren edari maila jaitsi ahala igo egiten zen alkoholarena nire odolean. Jadanik lehenengo bost minutuak igaro ziren erabakitako ordutik. Normala zen, bost minutu gehiegi ez dira, baina hain zara zu ordukoa…

Hamar minutu, bigarren tragoa eskatu nuen. Ez zen ezer gertatzen, ziur apaintzerakoan ordua joan zitzaizula. Atzerapena ia hogei minutukoa zenean, eta zerbitzaria txarto begiratzen hasi zitzaidanean, telefonoz deitzea erabaki nuen. Erantzungailu automatikoak esan zuen moduan, telefono hura itzalita edo estaldurarik gabe zegoen.
Ordu erdira ailegatu zen atzerapena, eta ziur aski erantzungailuko neskatoa nitaz gogaituta egongo zen. Deitzeari utzi nion azkenean “Oraindik itzalita dago, bai, utz nazazu bakean!” erantzungo zidan beldurragatik.

Minutu batzuk pasa eta gero, zerbitzariak, adeitsu, ezer gehiagorik ez kontsumitzekotan joan nendila proposatu zidan. Inoiz ez naute hain begirune handiz kanporatu. Orduan etxerako bidea hartu nuen, zeozer gertatu zitzaizunaren edo beharbada ikusi nahi ez ninduzunaren kezkarekin, ez daukat argi zein. Dezente kosta zitzaion motorrari piztea, hotzaren hotzaz.


“Kaka zaharra! Berandu helduko naiz. Ez, berandu da dagoeneko” pentsatzen nuen erruloak kentzen nituen bitartean, soinekoarekin borrokatzen nintzen eta falta zitzaidan oinetakoaren bila nenbilen. Guztia batera. Bereziki egun horretan, berandu ailegatuko nintzen. Korrika eta presaka sartu nituen beharrezko gauzak zorroan, oinetako madarikatua topatu nuen, eta ia-ia sartu nuen zorroan ere. Mugikorra goizetik desagertuta zegoen, eta ez nuen orduan aurkituko, beraz ez nintzen ezta saiatu ere.

Edozein moduan apaindu nintzen eta etxetik ziztu bizian atera nintzen. Eskailerak basati bat bezala jaitsi nituen bitartean (ez zegoen denborarik igogailuari itxaroteko) nire iletik errulo bat atera zen bortizki (eta nik guztiak kendu nituela uste nuen!), eta momentu horretan ateratzen ari zen bizilagun baten bekokira joan zen zuzenean. Hurrengo egunean entzungo nituen amonatxoaren kexak, ez bainuen denborarik.

Autoan sartu nintzen eta gutxi falta zitzaidan gurpilak zoruaren kontra erretzeko arrankatzerakoan. Kaleen artean gidatu nuen trafikoak uzten zuen bezain azkar. Orduan zurea bezalakoa zen auto batean erreparatu nuen. Ez, zurea zen! Ni, tuntun baten moduan, keinuak egiten saiatu nintzen beribiletik, baina begiratzen zenuela ikusi gabe ematen zuen. Mozkorturik al zeuden?

Orduan, zure semaforoa berde jarri zen, eta nik nahi gabe, senagatik, azeleragailua zapaldu nuen ere. Saiatu nintzen zu saihesten, baina okerrerako izan zen, galtzada izoztuak autoaren kontrola galtzea eragin baitzuen. Momentu batez gogoratu nuen zuk beti esaten zenuela ni benetako kamikaze bat nintzela.

Nire Seat gorria zure bigarren eskuko Volvoarekin aurrez aurre talka egin zuen. Ez ginen bizirik atera, ez zu, ez ni.


Baina orain behintzat elkarrekin gaude. Beharbada inoiz ez dut berriro zure azala laztanduko, eta ez dut zurekin begirada sakon bat trukatuko, baina gutxienez badaukat kontsolamendua. Gutxienez badakit gure lotura hori baino gehiago dela, sendoagoa, nahiz eta gau hartan oso sinkronizatuak ez egon. Edo beharbada kontrakoa izan zen?